BASERRIKOA DEBABARRENA

Proiektu honen bitartez, baserriko produktuen merkaturatzeko bide laburrak bultzatu nahi dira.

Debabarreneko eskualdea oso jendetsua izanik, kontsumitzaile potentzial handia du. Gainera kontsumitzaile honek geroz eta arreta handiago jartzen du mahaira eramaten duen elikagaien inguruan, hau da ezagutu nahi du bere jatorria, ekoizpen sistema, kalitatea, eta guzti hau lotu nahi du osasuna eta ingurugiro zaintzarekin. Era natural baten ekoiztutako gertuko baserriko produktuek eskaini diezaioke kontsumitzaile honi eskatzen duena.

Beraz alde bien onerako, baserritar eta kontsumitzaileen artean harreman baikorra finkatzeko unea da. Bertako produktuen kontsumoa eta salmenta zuzenaren arteko harremana sendotu behar da.

Alde batetik, baserritarrak kalitatezko produktuak ekoiztu eta bezeroak beraien produktuengana erraztasun handiagoarekin iristeko bide berriak landu behar dituzte eta bestaldetik erosleek sentitu behar dute beraien partehartze zuzenarekin, herriko ekonomia sustatzen eta landa eremu bizi bat mantentzen laguntzen dutela.

Debabarreneko baserriko produktuen salmenta zuzena bultzatzeko, bi dira jarraitzen ari garen lan ildoak: web orrialdea eta salmenta zuzeneko puntuen egokitzapena

DEBABARRENA ESKUALDEKO BASERRIKO PRODUKTUEN WEB ORRIALDEA

Orrialde honetan, eskualdean salmenta zuzena egiten ari diren baserritar guztien erreferentzia jasoko da. Datu base bat osatzen ari gara ondorengo informazioarekin: izena, helbide, kontakturako datu, ekoizpena, non aurkitu daitekeen beraien produktua. Honetaz gain izango da ere azoka eta merkatu guztien inguruko informazioa, garaian garaiko produktuen egutegia, errezetak, bertako produktuak kontsumitzearen garrantzia osasuna, garapen jasangarria eta ingurugiroarekin lotuta. Bestalde plataforma honek aukera emango du, salmenta online egiteko link-ak izango baiditu lehendik web orrialdea duten produktoreengana.

SALMENTA ZUZENERAKO PUNTUEN EGOKITZAPENA

Merkatu eta feriak erakustegi paregabeak dira baserritarrak beraien produktuak aurkeztu eta saldu ahal izateko, eta era berean aukera ona eskaintzen dute kontsumitzaileekin harremanak sendotu eta leialtasuna lantzeko.

Jakitun gara merkatuak eta azokak ez direla erreferente nagusienak janariak erosterako orduan, baina bai ordea bertako produktu fresko eta kalitatezkoak erosi nahi baldin badira. Hori dela eta azokak eta merkatuak birbaloratzeko ahaleginean gabiltza, baserritar eta kontsumitzaileen arteko elkargune bihurtu daitezen. Helburu hau lortzeko 4 dira erronka nagusienak:

  • Merkatu eta azokak sustatu : irudi berdintsua landu, identitateko elementu berdinak erabili..
  • Produktoreen inplikazioa piztu: bideratu merkaturaketan (ikastaroak, beste esperientziak ezagutu..)
  • Kontsumitzaileak sentsibilizatu, informatu eta beraien parte hartzea bultzatu
  • Kontsumitzaile eta produktoreen arteko erlazioa indartu: tailerrak, sukaldaritza ikastaroak, hitzaldiak, dastaketak, zozketak...

www:baserrikoa:com